2010-03-17

Baloi jokoak


Zelai erreak

Jokalariak bi taldetan banatzen dira,
batak bestearen aurka jolas egiteko.
Zelaiaren erdian marra bat egiten da eta
muturretatik hurbil, alde bakoitzean,
beste bana.Horrela zelaia lau zatitan
banatuta gelditzen da. Talde bakoitzak
kapitain bat aukeratzen du eta hauek
zelaiaren bi muturretan jartzen dira,
marren atzeko aldean. Taldeko beste
partaideak erdiko marraren ezker eta eskuin
aldean banatzen dira, bere kapitainaren
ondoan izan barik, beste aldean. Dena prest
dagoenean, talde bateko kapitainak baloia
bota eta beste taldeko norbait jotzeko
ahalegina egiten du. Baloia hartzen dutenek,
beste taldekoak jo eta kanporatzen saiatzen
dira. Baloiak norbait jotzen badu,
kapitainaren tokira pasatzen da kanporatutak
oa, eta kapitaina bere taldekoengana.
Kanporatuta dagoen norbaitek beste bat
jotzea lortzen badu, libratu egiten da.
Baloia airean harrapatuz gero, ez da
kaleratzen. Jokalari guztiak kanporatuta
dituen taldeak galtzen du. Norbait kaleratzen
duenak, berak egiten du hurrengo jaurtiketa.

Aldaera:
1.- Jolasa laburrago izateko, kanporatzen
direnei libratzeko aukera bat bakarrik ematea
ere badago.Kaleratu eta lehen aldiz baloia
botatzen dutenean ez badute inor jotzen, ezin
dira libratu.
2.- Nori kasua lantzeko erabil daiteke, baloia
pasa aurretik nori doakion adieraziz.
3.-Jokalariak bikoteka, baten ezkerreko oina
bestearen eskuinekoari lotuta.
Oharra:
Taldeak egiteko zozketa formularen bat
erabili: abestiak, oinak, zotzak eta e.a.
Talde batek zelaia aukeratuko du eta besteak
hasteko aukera izango du.

Ehiztariak eta erbiak


Ikasleak bi taldetan banatzen dira, batzuk
ehiztariak dira (sei adibidez), eta besteak
erbiak (hogei).Ehiztari bakoitzak bi baloi txiki
ditu eskuetan (baloi gehiago izan daitezke).
Erbiek korrika alde egiten duten bitartean,
ehiztariak atzetik segika doaz.Ehiztariak erbia
harrapatzeko baloia bota eta jo egin behar du.
Erbi gehien harrapatzen duen ehiztari taldeak
irabazten du.

Erdikoa hustu

Lurrean bi zirkulu egiten ditugu, bata bestea
baino txikiagoa. Ume talde bat barruan
sartzen da eta beste talde bat kanpokoaren
inguruan jartzen da. Kanpokoek baloi bat
daukate eta erdian daudenak baloiarekin
jotzen saiatzen dira. Jo ahala kanporatu
egiten dira, barruko zirkulua hustu arte.
Husteko denbora gutxien behar izaten duen
taldeak irabazten du.

Txibiri-txibiri

Batek baloia hartu eta, gora botaz,
“txibiri-txibiri Amaiarentzat” esango du
ozenki. Orduan, Amaiak baloia hartzera joan
beharko du. Airean harrapatuz gero, beste
norbaiti botatzen dio, baina berak baloia
hartzen duen artean beste jokalariak ahalik
eta urrutien alde egiten saiatuko dira. Baloia
eskutan duenean, “geldi” esan eta denak
geldituko dira. Orduan, hurbilen
dagoenarenganantz hiru pauso eman eta
baloiarekin hura jotzen saiatuko da. Jotzen
ez badu edo honek baloia harrapatuz gero,
bota duenaren hutsa da; bestela, bestearena.
Hiru huts onartzen dira, eta laugarrenean
kanporatuta gelditzen da. Lehenengo hutsa
egin duenak “odola” duela esango dugu,
bigarrenarekin “zauria”, hirugarrenarekin
“larri”, eta laugarrenean “hilda”.
Aldaera:
Jo dutena, edo bota eta kale egin duena
zuzenean kanpora.
Oharra:
“Norentzat, norentzat” eta “Noria”
izenarekin ere ezagutzen da jolas hau.



No hay comentarios:

Publicar un comentario